Ikasturteari agur, ikaskideekin naturaz gozatzen

Azken urteetan ohikoa dugun legez, ikasturteari modurik ederrenean agur esateko, DBHko ikasle eta irakasleok astelehenean irteerak egin genituen Oñatiko txoko ezberdinetara. Normalean mailaka egin ditugu irteera hauek, baina aurtengo egoera berezia dela eta, ikasgelaka antolatu gara. Hala ere, maila bereko ikasgeletako batzuk irteera berdina egin dugu, baina taldeen artean denbora tartea utzita.

DBH 1. mailako ikaskideok Tokillotik Urzulora joan gara, gero Pottokalekutik Santa Lutziara jaitsiz. DBH 2. mailako bi taldeok ibilbide bera egin dugu, baina kontrako norantzan: DBH 2A gelakook Santa Lutziatik Asentziora, Olabarretan bukatuz, eta DBH 2Bkook Olabarretatik Santa Lutziara, Asentziotik pasata.

DBH 3. mailakook ere Santa Lutziatik abiatu gara Pottokalekurantz, gero Urtiagainen hamarretakoa egin eta Lamiategin behera, Usakora joateko. Han batzuk bainutxoa hartzeko aprobetxatu dugu, eta betse batzuk oinak uretan sartzearekin konformatu gara. Azkenik, DBH 4. mailakook ere Usakon bukatu dugu irteera, baina Santa Ana komentutik gora Soraluze hotelera igo, eta handik jaitsi gara.