Urriaren 15ean, larunbatean, hurrengo urteko Kilometroak jaia antolatzeko ardura irudikatzen duen lekukoari ongi etorri beroa egin genion Oñatiko plazan. Goizean goizetik, Bergarako Aranzadi Ikastolako ordezkariek bizikleta hartu eta San Prudentziora abiatu ziren. Bertan zain zituzten Txantxiku Ikastolako txirrindulari prestuak; adin eta generazio desberdinetako ikasleekin osatutako taldetxoa. Ordurako, eguzkia ere festan parte hartzera animatu eta bere izpi goxoak erakusten hasi zen. Bergararrek oñatiarroi lekukoa pasa eta poliki-poliki 2017ko irailaren 24ra arte gordeta egongo den herrirako bidea hartu zuen Antton Mendizabalek egindako egurrezko taila.
Txirrindulariak etorri bitartean, Oñatiko plaza ere girotzen hasi zen. 1989an ospatu zen Kilometroak jaia ondo gogoan dute askok eta askok eta orduko abesti eta irudiak ere plazan izan ziren nahi zuenak argazkia atera zezan. Eguerdi partean, txirrindulariak herrira iritsi ziren eta ordurako jendea Kale Zaharrean eta plazan zain zegoen. Txalo artean egin zituzten txirrindulariek azken metroak lekukoari harrera beroa eginez.
MILA ESKER larunbatean modu batera edo bestera parte hartu zenuten guztioi!!!!
Oharra: Jarraian larunbateko ekimenaren argazkiak dituzue ikusgai. Irudien gainean klik egin eta argazki album osoa ikusiko duzue. HEMEN Goienak argitaratutako bideoa ere ikusgai.
LEKUKOARI HARRERA | PLAZAKO "PHOTOCALL"-a | |
![]() |
![]() |