Skip to main content

1,1 milioi euroko laguntzak banatu ditu Elkartasun Kutxak

Irudia
Elkartasun Kutxa

Atzo, Zumaian, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen eta Euskal Herriko Ikastolak EKEren batzar nagusiak egin ziren. Bertan izan dira Txantxiku Ikastolako Errektore Kontseiluko lehendakari-orde Auria Gorostiaga, Julen Alberdi eta Izaskun Urteaga zuzendariak eta Julen Anakabe idazkaria. Elkartasun Kutxaren bidez, zazpi ikastola eta proiektu babesteko erabakia hartu da, eta, aldi berean, Ikastolen Elkartearen aurtengo kudeaketa plana eta aurrekontuak onartu dira.

Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusian, guztira 1.094.072 euroko laguntzak banatzea erabaki da, inbertsio eta mailegu moduan, laguntza eskatu duten ikastolen artean. Beste behin ere, elkartasuna izan da erabakien oinarrian: zailtasunak dituzten ikastolek aurrera egin ahal izateko, komunitate osoak bere gain hartzen duen erantzukizuna.

Aurtengo ekitaldian honako proiektuak babestu dira: Nafarroako Argia Ikastola (Tutera) eta Ibaialde Ikastola (Lodosa), Iparraldeko Kattalin Elizalde Kolegioa (Senpere), Donapaleuko Lizeo berria eta Kanboko Ikastolen Etxea, Bizkaiko Bihotz Gaztea Ikastola (Santurtzi) eta Gipuzkoako Zubimusu Ikastola (Amasa-Villabona/Zizurkil). Laguntzek ikastolen egonkortasuna, inbertsioak eta berehalako beharrei erantzutea dute helburu.

Elkartasun Kutxaren funtzionamendua, gaur egun, ikastola bakoitzeko ikasle kopuruaren araberako ekarpenean oinarritzen da. 2025-2026 ikasturtean, Ikastolok 803.684 euroko ekarpena egin diogu Kutxari. Aurtengo Batzarrean, jasotakoa baino diru gehiago banatzea erabaki da, neurri salbuespen gisa eta etorkizunari begira zuhurtziaz jokatzeko beharra azpimarratuz.

Elkartasun Ikastolen Batzarraren aurretik, Euskal Herriko Ikastolak EKEren Ohiko Batzar Nagusia ere egin da. Bertan, aurreko ekitaldiko kontuak onartu dira eta aurtengo ikasturteko aurrekontuak oniritzia jaso dute. Ikastolen Elkarteak 8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta kudeaketa planak hezkuntza, euskara, digitalizazioa, enpresa-eredua, aisialdia eta ikastolen lankidetza izango ditu ardatz nagusi.

Berriro ere agerian geratu da Ikastolak elkartasunean eta kooperazioan oinarritutako komunitate sendoa garela, Euskal Hezkuntza Nazionala indartzeko konpromiso partekatuarekin.

Azken albisteak

Zenbaki irabazlea 04151 izan zen, eta ordezkoa 01814.
Batxi 2. mailako Jarduera Fisikoa, Aisia eta Osasuna irakasgaiko ikasleekin burututako erronka izan da.
Hezkidetza lantaldeak proposatuta, Patata Tropikala Antzerki Laborategikoaren 'Eta hala ez bazan? Edurnezuri' antzezlana ikusi dute.
DBH 3. mailako ikasleek horrela eman diote amaiera ‘Ta zer ez da berdin’ PROIari.