Skip to main content

Txantxiku Ikastolak irabazi du Gipuzkoako Hormigoi Lehiaketa Mundiala

Irudia
Gipuzkoako Hormigoi Lehiaketa Mundiala

Txantxiku Ikastolako DBH 4. mailako ikasleek irabazi du Gipuzkoako Hormigoi Lehiaketa Mundialaren lehen edizioa, euren hormigoi laginak lortutako 13,6 N/mm²-ko erresistentziari esker. Bigarren postua Oñatiko Institutuarentzat izan da (13,5 N/mm²), eta hirugarrena, berriz, Lazkaoko San Benito Ikastolarentzat (13,4 N/mm²).

Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak (COAATG) antolatutako lehiaketaren helburua zera izan da: gazteen artean arkitektura teknikoarekiko interesa piztea eta lanbide honen garrantzia ezagutaraztea, azken urteotan sektorean nabarmendu den profesionalen faltari aurre egiteko.

Hormigoi laginak GIKESA laborategiko prentsa berezi baten bidez aztertu dira, konpresio bidez hausteko gaitasuna neurtuz. Nagore Azuabarrena elkargoko presidenteak adierazi duenez, ikastetxe gehienetako laginek ez dute beharrezko erresistentzia minimoa lortu, baina parte-hartzeak balio handia izan du: “Ikasleek prozesu osoaren logika ulertu dute: osagaien proportzioak, trinkotzea, sendatzea... eta hori da benetan garrantzitsua”.

Sari nagusiaren osagarri gisa, Txantxikuko taldeak irteera bat egingo du Bilbora, Elkargoaren eskutik. Lehiaketak 300 ikasle baino gehiago bildu ditu guztira, Gipuzkoako 20 ikastetxetan banatutako taldeetan. Parte-hartzaileek COAATG-k bidalitako kit batekin prestatu dituzte euren laginak, Aste Santuko oporren aurretik. Kit-ak zementua, hondarra, legarra eta ura zeuzkan osagai.

Orain, estatu mailako txapelketara joateko gonbidapena jaso dute talde irabazleek. Txapelketa horren berri izan bezain laster informatuko zaituztegu.

Azken albisteak

Nola zaindu dezakegu gure ingurunea? LH 5. mailako ikasleek erantzuna argi dute: ikasi, behatu eta ekin!
Aurreko asteetan DBH 2. mailakook “Ura eta energia” irteera egin genuen Natur Eskolakoek lagunduta.
Joan den astean, LH 5. mailako ikasleek irteera berezi bat egin zuten Natur Eskolako kideekin batera, Auzotik Munduari PROIektuaren barruan.
Urtero legez, Oñatiko jaixetako Herri Egunean DBH 2. mailakook herri kirolak egin genituen plazan. Lokotx-bilketan, txingetan, kontrabandisten karreran, zaku saltoan eta sokatiran ibili ginen.