
Aurten, Garapen Jasangarrirako Helburuen artean, 12.a lantzen ari gara: Ekoizpen eta Kontsumo arduratsua. Hori kontuan hartuta, EA2030 Gurasoen Kontseiluko kideek Oñatiko azokako bi ekoizle elkarrizketatu dituzte.
Atzera begira jarri gara Oñatiko km 0aren bilakaera zein den ikusteko asmoz. Ikastolaren alboan dagoen eraikina da gaur egungo azoka, baina orain dela ez urte asko gaztelekuko eraikinean kokatzen zen azoka estalia. Lehena eta oraina aztertzeko asmoarekin elkarrizketa pare bat egin ditugu. Alde batetik, antzinatik azokan baserriko hainbat produktu saltzen egon den Urbieta baserriko Nieves Izurrategi eta bere familia, eta, bestetik, Iñaki Kortabarria Olabartako Kortabarri baserriko erlezain eta eztigilea elkarrizketatu ditugu.
Noiz hasi zinen merkatuan zure produktuak saltzen? Zer produktu saltzen zenituen hasieran? Eta orain?
Nieves Izurrategi: Orain dela 38 urte inguru hasi ginen azokara joaten. Hasieran letxuga eta tomateak bakarrik eramaten genituen eta pixkanaka produktu gehiago saltzen hasi ginen.
Iñaki Kortabarria: Orain dela justo 3 hiru urte hasi nintzen. Hasieran eta orain produktu berdinak saltzen ditut erleekin erlazionaturikoak ( Ezti, propoleo, argizari, jalea, etab.); baita ardi gazta ere.
Zergatik hasi zinen? Zein izan zen arrazoi edo motibazio nagusia?
N.I: Terreno handia geneukan eta lan asko egiten genuen baina asko soberan…azokara joanez behintzat diru pixka bat lortzen genuen.
I.K: Nere motibazio nagusiena semeei baserrian artisau eran egiten den lana irakastea izan da; produktutik hasi eta jendearen eskuetara iritsi bitarteko prozesu edo bide osoa ikusiz.

Zure hasieratik hona, nolakoa izan da bilakaera? Bezeroen perfila asko aldatu dela uste duzu? Eta nola? Exijentzia maila igo ahal da?
N.I: Bezeroen perfila aldatzen joan da bai. Gaur egun jende gazte gehiago etortzen da erostera. Produktua bertakoa eta freskoa asko baloratzen da, prezioaren gainetik.
I.K: Denbora gutxi daramat aldaketa nabarmenik somatzeko. Hala ere, bai esango nuke, eguraldi onarekin jende gutxiago hurbiltzen dela. Exijentzia mailan ez dut aldaketarik nabaritu.
Postuen zenbatekoa eta postu motan aldaketak nabari dituzu? Nolakoa da gaur egun bertako saltzaileen arteko harremana?
N.I: Postu motak eta lekua aldatuz joan dira denboran. Gu hasi ginenean azoka gaur egun gaztelekua dagoen lekuan zegoen, arraindegia eta harategiarekin batera; ogi, fruta eta arropa saltzaileak ere bertan barruan biltzen ginen. Gu harategiaren aurrean jartzen ginen eta oso lagun egin ginen bertakoekin. Gaur egun ere ondo eramaten gara denok.
I.K: Postu motetan ez dut aldaketarik ikusi. Nabarmenduko nuke postuen erdiak inguru kanpokoak direla eta gainera gehienak perfil profesionala dutela (frutategiak, kontserbak, azeitunak edota bakailao saltzaileak). Hala ere, herri mailako saltzaileak ere bagaude, gehienok ez profesionalak, afizioz lan egiten dugunak. Harreman ona daukat gainontzeko saltzaileekin.
Subentzio edo laguntzarik jasotzen duzue udaletxetik merkatuen ohitura hau mantentzeko eta km 0-ko produktuen salmenta sustatzeko?
N.I: Azokara gure produktua eramateagatik 50 euroko dirulaguntza ematen digute.
I.K: Bai, joaten garen bakoitzean 50 euroko dirulaguntza jasotzen dugu. Nere ikuspegitik, sustatzeko zerbait laguntzen du behintzat.
Produktuen prezioa adostu egiten duzue saltzaileen artean?
N.I: Lehen geure artean adosten genituen baina gaur egun Ordiziako merkatuko prezioak hartzen ditugu erreferentziatzat.
I.K: Nik ez dut adosten eta nire bezeroek behintzat kalitatea baloratzen dute prezioaren gainetik.
Etorkizunera begira, errelebo generazionala ikusten duzu?
N.I: Etorkizunera begira ez dugu erreleborik ikusten. Guk guretzako lan egiten jarraituko dugula uste dut baina…
I.K: Lehen sektoreko egoera kontutan izanik etorkizuna oso ilun ikusten dut, gauza asko aldatu beharko lirateke erreleboa bermatzeko.