Skip to main content

55. urteurrena, bikain ospatuta

Irudia
55. urteurrena

Txantxiku Ikastolak 55 urte bete ditu 2022/23 ikasturtean, eta modu berezian ospatu nahi izan dugu. Hala, ikastolako langileek osatutako lantaldea eratu genuen ikasturte hasieran, eta urte osorako programazioari forma ematen hasi ginen. Eta emaitza oso positiboa izan dela esan dezakegu. Denetariko ekintzak antolatu ditugu, eta arrakastatsuak izan dira!

  • Inauterietako mozorroen argazki erakusketa.               

Hasiera batean otsailaren 13tik 24ra zabaldu zen, baina arrakasta ikusita, beste astebetez luzatu zen, martxoaren 3ra arte. Bigarren Hezkuntzako eraikineko bi solairuak bete genituen aurreko urte eta hamarkadetan Txantxiku Ikastolan ateratako mozorroen argazkiekin.

  • Ikastolako arropa berrien salmenta.

Leire Derteano ikastolako gurasoak diseinatutako arropa berria salgai jarri dugu, eta ikastolako komunitatea osatzen dugun kideon erantzuna izugarria izan da; Txantxiku Ikastolako hostoak Oñatiko kaleen eguneroko paisaiaren parte bihurtu ditugu.

  • Elbira Zipitriari buruzko dokumentalaren emanaldia.

Euskarak eta euskal kulturak asko zor diote Elbira Zipitriari, baita ikastolen mugimenduak ere. Aitzindari eta langile nekaezina izan zen Elbira, eta bere bizitzari buruzko dokumental fikzionatua gurean ikusteko aukera ere izan genuen.

Aurrez beste urteurren batzuetan egin bezala, behin ospatzen jarrita, zer hoberik urteetan zehar ikaskide izandakoekin batu eta ikastolan bizitako momentuak giro ezinhobean gogoratuz baino? Ia 600 ikasle-ohi batu ginen Zubikoa kiroldegian eta benetan egun zoragarria pasatu genuen.

  • San Juan sua.

Lau urteko hutsunearen ondoren, Udalak herrira eskaera egin zuen, berriz ere San Juan sua antolatuko zuen talde bat osatzeko. Halakoetan eskarmenturik falta ez zaigunez, ikastolako Guraso Kontseiluak ardura bere gain hartu, eta Oñatzekin eta Aita Madina txistulari taldearekin batera, berriz antolatu dugu gure kulturan hain sustraitua dagoen jaia.

  • Ikasle-ohien musika kontzertua (azaroan egitea aurreikusten da).

 

Ekintza horiek guztiak aurrera eramateko, langileek osatutako lan-taldea jo eta su aritu da lanean, eta Txantxiku Ikastolaren Lagunak taldeko kideen zein Guraso Kontseiluko kideen laguntza ere behar-beharrezkoa izan da. Mila esker guztioi egindako lanagtik!

 

Azken albisteak

Lantzen ari garen Eusjalgi PROIaren baitan, joan den astean LH 3. eta LH 4. mailako ikasleok Natur Eskolara joan ginen, gure herriko hizkeran eta Oñatiko ondare linguistikoan sakontzeko asmoz.
Azken asteotan bisita berezia jaso dugu ikastolan, Txantxikuak 2zirik guraso talde boluntarioa gurekin izan da, LH 3. eta LH 5. mailako ikasle eta irakasleoi lehen sorospenei buruzko saio praktikoa eskaintzeko.
Gipuzkoako Janari Bankua hornitzeko Janari Bilketa Handia egingo da asteburu honetan. DBH 3. mailako ikasleak gaur, egubakoitza, Arantzazuko Ama kaleko eta Errekalde auzoko Eroski supermerkatuetan egon dira boluntario…
Aste honetan DBH 3ko ikasleok ekintza ezberdin bat burutu dugu landutako “ITSASOA GARA” PROIarekin lotuta. Astelehenean ikasleok herriko ibaiak garbitzeko aukera izan genuen Natur Eskolaren laguntzarekin.