Lantzen ari garen Eusjalgi PROIaren baitan, joan den astean LH 3. eta LH 4. mailako ikasleok Natur Eskolara joan ginen, gure herriko hizkeran eta Oñatiko ondare linguistikoan sakontzeko asmoz. Oraingo honetan, Oñatiko animalien munduan murgildu ginen, baina modu berezi batean: animalien izenak oñatiarrez nola esaten eta idazten diren ikasten!
Natur Eskolako txoko guztiak arakatu genituen animalia horien bila. Benetako ikerketa-lana egin genuen! Animalia batzuen izenak oñatiarrez ezagutzen genituen arren, beste askorenak ez genekizkien eta jakin-min handiz ikasi genituen. Jolastuz, behatuz eta bilatuz, hitz eta ezagutza berriak eskuratu genituen. Izan ere, gure inguruko natura hobeto ezagutzeaz gain, Oñatiko hizkeran eta haren aberastasunean sakontzeko aukera ere izan genuen.
Gure euskalkia ezagutzea, erabiltzea eta balioan jartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun dezan. Azken finean, gure hizkuntzaren aberastasunaren parte da, eta altxor hori zaintzea guztion ardura da.
Esperientzia ederra eta aberasgarria izan da. Asko ikasi eta gozatu dugu, eta ikasitako hitz berri horiek ez ditugu erraz ahaztuko!