Skip to main content

BAGATOZ! Ongi etorri ikasturte berrira

Irudia
Ikasturte hasiera Txantxiku Ikastolan

Udako oporrak atzean utzita, gure ikastola berriz bete da bizitzaz, ikasle, langile eta familien soinuz, irribarrez, urduritasunez eta algaraz. Naturaltasun hori bera da gure komunitatearen indarra, eta pozez betetzen gaitu berriro elkarrekin abiatzeko aukera izateak.

Aurten ere ilusioz ekingo diegu aurrean ditugun erronka eta proiektuei. Ikastolen Pertsona Eredua garatzen lagunduko duen Erein egitasmoa sendotzen jarraituko dugu, Euskal Herriko ikastola guztiak batzen gaituen IKASTOLAK eragile sozialaren aterkipean. Helburua beti bera izango da: gure ikasleak euskaldun, kooperatibo, barne-sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea eta eraldatzailea izateko heztea.

Aipatzekoa da, gainera, zuzendaritza taldea berriztu dugula, eta horrek ematen digun indar eta gogo berriarekin ekin diogu ikasturteari. Ziur gaude etapa berriak aukera eta esperientzia oparoak ekarriko dizkigula guztiontzat.

BAGATOZ! Elkarrekin, ilusioz eta indarberrituta ikasturte oparo eta zoriontsua bizitzera.

Ikastola komunitate osoaren indarra beharrezkoa dugu bide honetan. Horregatik, zuen konfiantza eta babesa eskertzen ditugu eta gonbidapena luzatzen dizuegu ikasturte honetan ere gurekin batera arraun egin dezazuen, BAZATOZ?

ZUZENDARITZA TALDEA

Azken albisteak

Nola zaindu dezakegu gure ingurunea? LH 5. mailako ikasleek erantzuna argi dute: ikasi, behatu eta ekin!
Aurreko asteetan DBH 2. mailakook “Ura eta energia” irteera egin genuen Natur Eskolakoek lagunduta.
Joan den astean, LH 5. mailako ikasleek irteera berezi bat egin zuten Natur Eskolako kideekin batera, Auzotik Munduari PROIektuaren barruan.
Urtero legez, Oñatiko jaixetako Herri Egunean DBH 2. mailakook herri kirolak egin genituen plazan. Lokotx-bilketan, txingetan, kontrabandisten karreran, zaku saltoan eta sokatiran ibili ginen.