Nola zaindu dezakegu gure ingurunea? LH 5. mailako ikasleek erantzuna argi dute: ikasi, behatu eta ekin! Proiektuaren azken urratsean, ikasgelatik kalera atera dira, ikasitakoa praktikan jartzeko eta auzolanaren bidez beren ekarpena egiteko.
Lehenik, kutsadura mota ezberdinak aztertu dituzte eta ingurumenaren inguruko informazio interesgarria jaso dute. Ondoren, Natur Eskolakoekin batera, Oñatiko hainbat txoko bisitatu dituzte, bertako kutsadura gertutik behatzeko eta gure inguruneak dituen erronkez jabetzeko.
Baina ez dira behatzaile hutsak izan, ekintzara pasatzeko garaia iritsi zaie eta! Eskularruak jantzi eta auzolanean aritu dira, ikastolako patioa eta herriko hainbat txoko garbitzen. Izan ere, ingurunea zaintzea guztion ardura da, eta keinu txikiek ere aldaketa handiak ekar ditzakete. Lanari amaiera gozoa emateko, merendola batez gozatu dute, eguneko esperientziak partekatuz eta egindako lanaz harro.
Egun honetan, kutsadurari buruz ikasteaz gain, elkarlanak, konpromisoak eta ekintza txikiek duten indarra ere bizi izan dute. LH 5eko ikasleek argi utzi dute: Oñati zaintzea guztion esku dago!