Joan den astean, LH 5. mailako ikasleek irteera berezi bat egin zuten Natur Eskolako kideekin batera, Auzotik Munduari PROIektuaren barruan.
Oraingo honetan, Oñatiko ingurunea aztertzea eta kutsadurari buruz gehiago ikastea izan zuten helburu. Horretarako, herriko hainbat puntutan geldialdiak egin zituzten, eta horietako bakoitzean airearen, lurzoruaren eta soinuaren kutsadura aztertu zuten.
Horretaz gain, leku bakoitzeko usaina nolakoa zen ere deskribatu zuten, ingurumenaren egoerari buruzko informazio gehiago biltzeko.
Behaketa eta azterketa horien bidez, ikasleek inguruan dugunari arreta jartzeko, kutsadura mota desberdinak identifikatzeko eta gure eguneroko ekintzek ingurumenean izan dezaketen eraginaz jabetzeko aukera izan zuten.
Esperientzia praktiko eta aberasgarri horri esker, gure ingurunea zaintzearen garrantziaz hausnartu zuten, eta argi geratu zen ingurumenaren zaintza guztion ardura dela.
Eskerrik asko Natur Eskolako kideei, ikaskuntza-esperientzia honetan laguntzeagatik!