Martxoaren 9tik 12ra bitartean DBH 4.mailako ikasle talde bat Madrilen izan zen bitartean, maila bereko frantseseko ikasle taldeak gure lagun bretoiei harrera egin zien Oñatin. Bi esperientzia desberdin bezain aberasgarriak izan dira guztiontzat!
Madrilen ibili ziren ikasleek azken hilabeteetan gelan landutako Proi eta IEM-ekin zerikusia izan duten tailerretan parte hartu zuten. Ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna, robotika eta elektronika eta ekonomia sozialaz aritzeaz gain, Espainiako hiriburuko historia eta lekurik esanguratsuenak bisitatzeko aukera ere izan zuten. Guztia ez zen lana izan! Aisialdirako tartea ere izan zuten eta Victoria antzezlanaz gozatzeko aukera ere izan zuten.
Bien bitartean, Oñatin gelditu ziren ikasleak, beraien etxeko ateak zabaldu zizkieten Bretainiatik etorritako lagun kuadrilari. Arantzazu, Arrikrutz eta Gomiztegi erakusteaz gain, Donostia eta Gasteizera bisitan eraman zituzten. Ekainean izango dute oñatiarrek bisita bueltatzeko aukera.
Lerro hauek baliatu nahi ditugu aste honetan zehar ikasle bretoiak zuen etxeetan izan dituzuen familiei eskerrak emateko, zuen parte hartzerik gabe honelako ekintzak aurrera ateratzea ezinezkoa izango litzateke eta.