Skip to main content

Ikasturte amaierako irteerak

Irudia
Irteerak

Ikasturtearen amaiera heltzear dago eta mailako ikaskideok urtean zehar sendotu dugun harremanari azken zukua ateratzeko asmoz eta, nola ez, gure tutore, irakasle eta hezitzaileekin disfrutatzeko, irteera mordoxka izan ditugu azken hilabeteetan!

Zein izan diren jakin nahi duzu?

HH 2: Araotz

Ikastolatik 9 km-ra gelditzen zaigun auzogunea ezagutu genuen. Bertako bizilagunekin dituzten abereak ikusten asko ikasi genuen: behorrak, astoak... Baita urasketako zapaburuekin ere!

HH 3: Arantzazu

Alboko auzora joan ginen hiru urtekoak eta hango frontoi eta bideetan barrena jolas-algara betean ibili ginen.

HH 4: Basondo

Kortezubira joan ginen lau urtekoak eta Basondo parkea bisitatu genuen. Bertan, etxabere eta basabereak zaintzen dituzte eta horiek behatzeko aukera paregabea izan genuen: katamotza, otsoa, antzarrak...  Gero alboko zelaira joan eta jolasean ibili ginen.

HH 5: Izenaduba basoa

Mungia izan genuen jomuga bost urtekoek eta Euskal Mitologiako pertsonaiak ikusi eta euren kontuekin gozatzeko aukera izan genuen: Tartalo, Jentilak, Erreka Mari, galtzagorriak, Anbotoko Mari…

LH 1: Kaiku

Esnearen ekoizpen prozesua gertutik ezagutu genuen. Gainera, behien zaintza, elikadura eta bizi diren ingurunearen garrantzia aipatu ziguten, baita esnearen bilketa nola egiten den ere. Bisitaren amaieran, bertan ekoitzitako produktuak dastatu genituen.

LH 2: Barria

Bi eguneko irteera egin genuen guk. Lehen eguna Gasteizen igaro genuen, salto-saltoka. Gero aterpetxera iritsi eta gelako guztiok lehen aldiz batera egin genuen lo, a zer abentura! Bigarren egunean, lo zaku eta pijamak gorde jaso ostean (batzuei kosta zitzaien, kar-kar-kar), Larreara joan ginen oinez eta han pasa genuen goiza, autobusa bila etorri arte.

LH 3 eta 4: Orio

Toki berdinera bai, baina ez pentsa batera joan garenik, eh! Hiru eguneko irteera egin dugu guk. Gutako asko ez geunden Orion egonda eta horregatik "Orioko Herri Ikastola"-ko lagunei herria ezagutzen laguntzeko eskatu genien. Baietz esan zuten eta guztiok batera ibili ginen kaleetan zehar jolasean. Gainera, Orioz gain, Donostiako Aquarium ere bisitatu genuen eta, apur batean bada ere, urpeko bizitza nolakoa den ezagutzeko aukera izan genuen.

LH 5 eta 6: Zuhatza

Guk ere hiru eguneko irteera izan dugu eta aurrekoek bezalaxe maila bakoitza bere kabuz joan da. Seigarren mailakook bosgarren mailakoek baino zorte hobea izan dugu eguraldiarekin, baina ez pentsa horrek atzera bota zituenik LH 5-ekoak! Izugarri ondo pasatu dugu piraguan, pedaloan, arraunean nahiz windsurf-ean. Gainera, Zuhatzatik bueltan Gorbeiako Nova Jump-era ere joan ginen bosgarren mailakoak. 

DBH 1: Arantza

Egia esan oraindik ez gara joan, baina ziur gaude ederto ibiliko garela ekainaren 22an eta 23an bertan. Irrikitan gaude ikasturteko azkenengo bi egunak heltzeko!

DBH 4: Bretainia

Martxoan gure etxeetan egon ostean, oraingoan guri egokitu zaigu Bretainiako lagunen etxeetan egotea eta ederra izan da esperientzia. Astebeteko esperientzia izan da eta zaila egiten zaigu bizitako guztiak bi lerrotan laburtzea. Hona hemen egin ditugun ekintzetako batzuk: accrobranche praktikatu, Fest-Noz jaietan egon, Puy du Fou ikusi, Huelgateko basoan ibili...

Azken albisteak

Bertan, babesa eta aitortza adierazi diegu Matematikako azterketa euskaraz egingo duten ikasleei, urrats horrek etorkizuneko belaunaldientzat bide berriak irekitzen dituela azpimarratuz.
Martxoan Diwan lizeoko ikasle bretoiak izan ziren gurean, esperientzia bikaina izan zen, eta orain gu joan gara bertara.
LH 1. eta 2. mailako ikasleak Natur Eskolara joan gara, gelan lantzen ari garen Naturaren sekretuak gaian gehiago sakontzeko.
Datorren ekainaren 13an izango da, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, ‘Euskaraz bizitzeko behar den dena’ lelopean.