Skip to main content

Euskararen egun gogoangarria Beskoitzen bizi izan genuena

Irudia
Beskoitze

Beskoitzen ospatu genuen Euskararen Egunaren harira asteburu ederra igaro genuen Iparraldera joandako 130 lagunek. Urriaren 10a, zapatua, ekitaldiz beteta izan genuen. Goizeko 10:30ak aldera, Beskoitzeko ikastolak gaur egun dituen instalazioak eta amaitzear dagoen eraikin berria bisitatzeko aukera izan genuen. A zelako aldea!!!! Asko poztu gintuen beskoiztarrek egindako aldarrikapen eta borroken ostean, ikastola ederra izango dutela ikusteak.

Ikastola berria bisitatu ostean, udaleko ordezkariek harrera beroa egin ziguten herriko etxean. Bi herrietako alkateek, Pascal Jocouk eta Izaro Elortzak, hartu zuten hitza. Eurekin batera, Auria Gorostiagak, Txantxiku ikastolako lehendakariak, eta Haritza Camblongek, Beskoitzeko ikastolako ordezkariak, ere euren ekarpena egin zuten. Ekitaldia biribiltzeko Beñat Eyherabidek Beskoitze herriari buruzko hainbat xehetasun partekatu zituen bertan geundenokin. Harreraren ondoren, bi ikastoletako haurrek bina bertso abestu zizkiguten han geundenoi.

Herriko etxetik Lokarri gunera joan ginen eta bertan zintzur-bustitzea, Leizarraga elkartekoekin kantu-saioa eta bazkari ederra izan genituen. Bazkalostean, Eskulari eta Aloña Mendi K.E.ko pilotariek partidak izan zituzten eta, jarraian, Oinak Arin eta Oñatz dantza taldeetako haurrek dantza-saioa eskaini ziguten. Eguna amaitzeko, euskal dantza herrikoiak dantzatzeko aukera izan genuen.

Asteburua biribiltzeko, igande goizean, Urketa herrian, Ardanabia errekaren inguruan ibilbide interesgarria prestatu ziguten. Julen Jaureguyk emandako azalpenek, gainera, asko aberastu zuten txangoa.

Mila-mila esker Beskoitzeko lagunei horrelako asteburu ederra antolatzeagatik.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu datozen hilabeteetarako beskoiztarrekin bi hitzordu garrantzitsu ditugula. Batetik, Euskal Konfederazioak euskararen ofizialtasuna eskatzeko Baionan deitu duen manifestazioa, azaroaren 21ean, Euskararen garaia da! lelopean. Bestetik, 2027ko urtearen hasieran Beskoitzeko ikastola berriaren inaugurazioa. Bi hitzordu horien gaineko informazio zehatzagoa aurrerago jasoko duzue.

Azken albisteak

Joan den astean, LH 5. mailako ikasleek irteera berezi bat egin zuten Natur Eskolako kideekin batera, Auzotik Munduari PROIektuaren barruan.
Urtero legez, Oñatiko jaixetako Herri Egunean DBH 2. mailakook herri kirolak egin genituen plazan. Lokotx-bilketan, txingetan, kontrabandisten karreran, zaku saltoan eta sokatiran ibili ginen.
Azken hiru asteotan, neurogarapenaren inguruko formakuntza egiteko aukera izan dugu Feli Oregiren eskutik.
Irailaren 25ean, egubakoitzean, Txantxikuaren jaitsierarekin hasi ginen, Ikastolako patioan, Oñatiko jaixak berotzen. Itxafleroa bota eta jaitsieraren ostean, ikasleek Txantxikua-ren mezua irakurri zuten.