Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8an egun berezia bizi izan genuen Ikastolan. Langileok mobilizazioekin bat egin genuen arren, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna presente egon zen astean zehar eta ekintza berezi ugari burutu genituen. Lehen hezkuntzako ikasleek, egun honi buruzko hausnarketa txiki bat egin ostean, etorkizuneko sexismorik gabeko ikastola nola ikusten duten adierazi zuten. Ondoren ideia horiek horma-irudi handietan jarri zituzten eraikin osoa apainduz. Arte-lan ederrak daude ikusgai pasilloetan!!

Bestalde, 8-10 urteko ikasleekin estereotipoen lanketa egiteko ekintza berezia ospatu zen. Horretarako lanbideetan arreta jarri eta ikasleekin lanbideei buruzko hausnarketa saioa egin zuten ezagutzen dituzten ofizioei buruz galdetuz, handitan zer izan nahi duten pentsatuz, lanbide horiek irudikatuz... Bukaeran lau ogibide marrazteko eskatu zitzaien: zirujaua, suhiltzailea, auto-lasterketetako gidaria eta polizia/ertzaina. Aurreikusten zen bezala, gehienek gizonezko irudia egin zuten. Aurrez, ofizio hori duten lau emakume gonbidatu genituen eta hausnarketari amaiera emateko aretoan sartzeko eskatu genien, beraien laneko jantzi eta guzti! Ikasleak aho-zabalik geratu ziren eta oso elkarrizketa interesgarria sortu zen lau profesional eta ikasleen artean.

DBH-n tutoretza ordua erabili zen egunaren aldarrikapenari buruzko hausnarketa egiteko. Helburu nagusia etxean eta familiaren esparruan egiten den lana baloratzea eta ikusgai jartzea izan zen. Ikasleen artean gaiak interesa piztu zuen eta eztabaidarako aukera izan zuten. Pasilloak paperez egindako amantalekin apaindu zituzten egunaren oroigarri gisa. Batxilergoan aldiz, Oñatiko Asanblada Feministako kide diren bi ikasle ohi izan ziren Martxoak 8ko lanaldien eta mobilizazioen arrazoiak zeintzuk ziren azaltzeko. Ikasleak gustura jaso zituzten beraien azalpenak.

ARGAZKIAK