Itziar Arana, Txantxiku Ikastolako zuzendari berria

IKASTURTE BERRI ON! esanez agurtzen dugu elkar irakasle, ikasle eta gurasook  ikasturtea hasten dugun bakoitzean. Gela eta eremuak ilusioz, proiektuz, ametsez beterik  prestatzen jarduten dugu ikasleen barre algarak eta joan-etorriak, jolasak ,familiei harrera … irudikatzen ditugun bitartean. Une atseginak izaten dira.

Hori guztia aurten beste ikuspuntu batetik bizitzea egokitu zait, zuzendari kargua hartu berria bainaiz. Indartsu, ilusioz, gogotsu jarduteko konpromisoa hartu dut zuzendaritza talde berriarekin elkarlanean. Kalitatezko euskal hezkuntza eskainiz eta berrikuntza pedagogikoaren bidetik gogor jarraituko dugu Txantxiku Ikastolaren hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion alde.