Ikastolaren astea ekintzaz beteta
Egoera berezia, Ikastolaren Aste berezia. Aurten ere ezin izan dugu ohiko egitaraua antolatu, baina segurtasun neurriak errespetatuz, hamaika ekintza berezi burutu ditugu.
Haur Hezkuntzako txikiek eguazten, eguen eta egubakoitzetako jolasorduan erromeria izan dugu. Eta egubakoitzean, HHkoek zein Lehen Hezkuntzako ikasleek, hainbat eskulan egin ditugu ikasgelan, biserak, lepokoak edo eskupilotak adibidez, eta parke eta jolas-parkeetara ere atera gara ekintza ezberdinak burutzera.
Eta urtero bezala, LH 5 eta 6. mailetako ikasleek antzerki emanaldiak eskaini dizkigute. Ondoko antzezlanak prestatu eta taularatu dituzte Santa Ana antzokian: “Narrumendi festa”, “Manifa”, “Herri bazkaria”, “Itsasaldia”, “Baserria” eta ”Aireportuan”.
Osasun egoera dela eta, ikusleak oraingoan burbuilako ikasleak izan dira eta txalo zaparrada batekin saritu dituzte antzezleak. Urduritasunak poliki-poliki desagertzen joan dira eta une goxo eta ahaztezinak bizi izan ditugu!
Bigarren Hezkuntzan, egubakoitzari ETBko "Itxi liburuak" saioa ikusiz eman diogu hasiera. Hemen daukazue ikusgai Ikastolen sorrerari buruzko atala. Ostean, Ikastolaren inguruko galderez osatutako Kahoot lehiaketatxoa egin dugu. Eta, amaitzeko, 12:00etan, Zigor Ibarzabal Ikastolen Elkarteko Hezkuntza Arduradunarekin izateko aukera izan dugu Meet bidez.