Inauteri txikia bueltan da!

Urtebeteko etenaldiaren ostean, datorren egubakoitzean ospatuko ditugu inauteriak Txantxiku Ikastolan. Horrez gain, Oñatiko Inauteri lantaldeak antolatu duen eguen gizeneko Inauteri txikian ere parte hartuko dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek, adin bereko beste ikastetxeetako ikasleekin batera.

OTSAILAK 24, EGUENA

15:00etan emango zaio hasiera Inauteri txikiari unibertsitate aurrealdean. Dantzari txikiez gain hainbat pertsonaia batuko dira festara, eta ibilbidea ondorengoa izango da: unibertsitatea - plaza - Kale barria - Atzeko kale - plaza. Bi kantu ("Ume handia" eta "Hartzaren polka") dantzatuko dituzte eta "Kale zaharra" kalejira abestuko dute, besteak beste. Ekitaldiaren amaiera plazan izango da.

OTSAILAK 25, EGUBAKOITZA

Haur Hezkuntzan urte 1 eta 2 urtekoek goizean egingo dute ospakizuna. 3, 4 eta 5 urtekoek, aldiz, 15:15 aldera, Ikastolako jolastokiko atetik irtenda. San Juan kalean behera plazaraino kalejiran joango dira, bertan bueltatxo bat eman eta jarraian Ikastolara itzultzeko. Ondoren, jai giroan jarraituko dute jolaslekuan.

Lehen Hezkuntzakoek aurrez prestatu dituzten dantzak eskainiko dituzte herriko kaleetan zehar. Kalejira 15:00ak aldera abiatuko da Ikastolako jolaslekutik eta plazan amaitu 16:15ak aldera. Aurreikusita dagoen ibilbidea honakoa da: Santa Anako jolaslekua -Errementari plaza - Kale Barria - Plaza - Santa Anako jolaslekua.

Bigarren Hezkuntzakoek azkenengo orduan ikasleek antolatutako inauterien inguruko galdera sortak, lehiaketatxoak, bideo proiekzioak... izango dituzte geletan.