Txantxiku Ikastola 22. Korrikan: apirilak 1, Oñatin; apirilak 9, Beskoitzen

Badator 22. Korrika 'HitzEkin' lelopean! Amurrion hasi, Euskal Herria zeharkatu eta Donostian amaituko da, martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean. Dakizuen bezala, aurtengo Korrika ofiziala ez da Oñatitik pasako baina apirilaren 1ean ibilbide alternatibo bat egingo da herriko plazatik Elorregi auzoraino eta bertan Korrika ofizialarekin bat egingo dugu.

Bi izango dira Txantxiku ikastolak Korrikako ibilbidean erosiko dituen kilometroak. Kilometro bat bertako langileen artean erosi da eta bestea berriz, ikasleen (familien) artean erostea proposatzen da. Horretarako, diru iturri gisa “Ikasle bat, euro bat” kanpaina jarriko dugu martxan. Martxoaren 25a izango da euroa gelara ekartzeko azken eguna. Animatu eta parte hartu!

Gainera, bi kilometroetako bat Hazparne inguruan erosiko dugu, Beskoitzeko ikastolarekin bat eginez. Horregatik, guraso, ikasle, langile zein ikastolako lagun oro gonbidatzen zaituztegu apirilaren 9an, zapatuan, Lapurdira joan eta Beskoitzeko lagunekin korrika egitera. Antolaketa errazteko, joateko asmoa baduzue jakinarazi iezaguzue idazkaritzan, mesedez.

Azkenik, Korrikarekin bat egiteko beste bide bat ere badago. 12 euroren truke, AEK-ko euskaltegiei laguntzeaz gain edizio honetako pina, txartela eta hau erabiltzeko deskontuen katalogoa eskuratuko duzue. Azpiko estekan klik egin Korrikaren aguntzaile egiteko!

Etiketak: