Inauteriak Txantxiku Ikastolan urtez urte

Ikasturte honetako inauterien atarian, eta Txantxiku ikastolaren 55. urteurrena dela-eta antolatuko ditugun ekitaldien artean, gure ikastolan urte hauetan guztietan antolatu ditugun Karnabaletan erabili ditugun mozorroen irudiekin argazki erakusketa osatu nahi dugu. Horretarako ikastolako guraso, laguntzaile, ikasle, ikasle ohi eta langileon laguntza eskatzera gatoz. Ea guztion artean, urtez urte, gure ikastolan prestatu ditugun mozorroen bilduma osatzen dugun.

Ekimen horretarako eskaera zehatza hauxe da: etxean zeuon edota zeuen ezagunen artean argazkiren batzuk eskuratzen badituzue ekar iezazkiguzue erretratu horiek ikastolara (ikastolako idazkaritzara edota ikastolako langileren bati emanda) eta irudiekin batera zein urte edo ikasturteri dagokion, eta argazkiak daudenak zeintzuk diren jakinaraz iezaguzue. Ikastolan arduratuko gara eskaneatu eta berriro zuei itzultzeaz. Argazki hori formatu digitalean baldin baduzue, 55urteurrena@txantxikuikastola.eus helbidera bidal dezakezue, eta mezuan eskatutako informazio hori guztia erantsi.

Argazkien artean, talde osoarenak baino, hobetsiko genituzke norbanakoenak edota lagun gutxi agertzen direnak. Gainera, datuen babeserako lege organikoa (DBLO/LOPD) bete nahian, argazkiak bidaliko dituzuenoi, eskertuko genizueke, ahal den neurrian behintzat, komenta dezazuela argazkian agertzen diren lagun horiekin erretratua gure esku utziko duzuela, eta hori argitaratzeko oztoporik jarriko ez dutela.

Argazkiak bidali edo ekartzeko epea otsailaren 10era arte luzatuko dugu. Ea guztion artean, urtez urtekako bilduma osatzen dugun. Seguru baietz! Aldez aurretik, eskerrik asko!

OHARRA: Zabal ezazue mezu hau zeuen ezagunen artean.