Ikastolaren astea modu ezinhobean hasi dugu eta astebururako planez beteta dator!
Txantxiku Ikastolaren asteko egitarauaren baitan, martitzenean eta eguaztenean LH 5. eta 6. mailetako ikasleen antzezlanez gozatzeko aukera izan dugu. Antzerki obra horiek Iurgi Etxeberriaren gidaritzapean landu dituzte ikasturtean zehar. Oso lan interesgarriak aurkeztu dizkigute, eta denok primeran pasatu dugu. Zorionak eta mila esker antzezle guztioi eta Iurgiri!
Haur Hezkuntzan hainbat ekintza burutu ditugu ikastolaren astea ospatzeko. Gaur goizean, hasteko, ikastolan bertan antolatu ditugu ekintza berezi batzuk motorrak berotzeko, eta ostean, herriko hainbat txokotara joan gara lagunekin jolas egin eta gozatzera. Lehen Hezkuntzan ere giro ederrean ibili gara.
Bigarren Hezkuntzako ikasleek goizean goiz hasita egitarau oparoa izan dute. Motorrak berotzen hasteko, hainbat jolas osagarri izan dituzte aukeran, apuntatu beharrik gabe nahi dutenean jolasteko: futbolinak, dardoak, Just Dance, karaokea, kartak, partxisa, Triviala, xakea, Tabu, Uno, Dobble eta dominoa. Eta 10:00etatik aurrera, aurrez izena eman duten jolas eta txapelketetan parte hartu dute, hala nola, ginkana erraldoia, areto futbola, eskubaloia, eskupilota, frontenisa edota tortila txapelketa.
Ostean, ikasle eta irakaslean arteko bazkaria egin dugu giro ezinhobean. Amaitzeko urteroko bazkalosteko jolasak egin ditugu Ttakeko kideek antolatuta.
Eta gogoratu, arratsaldean Santa Anan jolas parkea izango dugu eta Zubikoa frontoian ikasle zein gurasoentzako emanaldi nagusia. Eta hori gutxi balitz, biharko ere ekintzaz betetako egitaraua dugu!