Ikastolen Elkarteak jaso du 2023ko Ibilbideari Elkar Saria
Atzo arratsaldean Elkar sarien bosgarren sari emate ekitaldia ospatu zuen Elkar Fundazioak Adunako egoitzan. Ekitaldian, hil berri zaigun Joan Mari Irigoien idazlea izan zuten gogoan eta hari omen eginez, bi sari banatu ziren. Lehen saria Ibilbideari Elkar saria izan zen, eta Ikastolen Elkarteari eman diote aurtengoan. Ikastolen Elkartearen izenean Koldo Tellitu lehendakariak eta Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak jaso zuten saria, Jon Jakaren eta Joxemari Sorsen eskutik. Bigarren saria, Joseba Jaka bekarekin tartekatuta bi urtetik behin ematen den Proiektuari Elkar saria eman zitzaion, Eusko Ikaskuntzari.
Hitz hauekin laburbildu ditu Elkar Fundazioak Ikastolen Elkarteari emandako sariaren arrazoiak:
"Luzea eta handia da Euskal Herrian ikastolek egin duten ibilbidea euskara eta euskal kultura zokoratuta eta galarazita zegoen garaian hasi eta gaur arte euskara erdigunera eramateko. Hezkuntza euskaldunaren aldeko zutabeak eraikitzeari ekin zioten garai hartako euskaltzaleek, asmo argi batekin: haien seme-alabek euskaraz ikas zezatela. Lan haren emaitza izan ziren herriz herri eraikitzen joan ziren ikastolak, eta orduan abiatutako lan horren emaitza da gaur egungo ikastolen sarea, haiek biltzen dituen Ikastolen Elkartea, zeina nazio mailako erakundea den, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere baitan hartzen dituena, eta “europar kooperatiba” gisa egituratua.
Ikastolen sarea eta Ikastolen Elkartea Euskal Herriko hezkuntza euskalduntzen joateko ernamuina izan ziren pasa den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan. Haien ekarpena ezinbestekoa izan da hezkuntza euskaldunaren eta euskararen berreskurapenaren bidean, beste hainbat eragilerekin batera, eta elkar Fundazioaren ustez merezimendu osoa dute sari hau jasotzeko.
Ez dugu ahazteko, era berean, bi erakundeon artean 70eko hamarkadatik izandako harreman emankorra. Elkarren artean indarrak bilduta, bakoitzak dakiena ekarrita, euskaraz ikasteko ezinbestekoa den ikasmateriala sortzeko bidea egin dugu, beti ere euskal izaera kontuan hartuta, Euskal Herria erreferente izanik. Euskal curriculuma ardatz duen materiala".