Oñatiko Eskola Agenda. 2015-2016 ikasturtea

Oñatiko ikasleek herriaren egoera hobetzeko proposamenak azaldu dizkiete udal agintariei

Eskolako Agenda 21 proiektuaren baitan herriaren egoera aztertu eta mugikortasunaren inguruan aurkitu dituzten arazoak konpontzeko proposamenak aurkeztu dituzte Oñatiko ikasleek. Modu berean, arazo hauei aurre egiteko hainbat konpromiso hartzen dituzte, herria hobetzea denon ardura dela bereganatuz.

2015-2016 ikasturtean landutako gaia "Mugikortasuna eta Osasuna” izan da eta hartan oinarrituriko lan ezberdinak garatu dituzte gaztetxoek, horretarako, Arazi enpresak sorturiko material didaktikoak erabili dituztelarik. Hala, eskolan zein kalean, egoeraren ikuspegi ugari aztertu ondoren, ikusitakoaren berri emateko unea iritsi zaie maiatzean ospatu den udalbatzarrean.

Landutako gaia horren anitza izanik, alor ezberdinen inguruko hainbat proposamen luzatu dituzte ikasle ordezkariek: bizikletaren erabilera egokia, garraio publikoa, kutsadura atmosferikoa... Besteak beste, honako proposamen zehatzak plazaratu dizkiete udal agintariei:

  • CO2 isurpenak murriztea oinez, bizikletaz edo patinez ibiltzea bultzatuz.
  • Herriko lantegiek sorten duten kutsadura atmosferikoa murriztu.
  • Oñatiko auzo guztietara bidegorria iristea eta bizikletentzat aparkalekuak
  • Lanera oinez edota bizikletaz joatea bultzatzea.
  • Espaloiak zabaldu eta oztopoak kendu.
  • Espaloiak zabaltzea, oztopoak kentzea, zoruaren egoera hobetzea eta elbarrituentzat egokitzea.
  • Autobus lineak hobetu eta gehiago jarri.

Ikasleen proposamenak entzun ondoren, udal ordezkarien txanda iritsi da, jasotako proposamen bakoitzari udalaren ikuspegia zein den azalduz eta ikasle zein irakasleek egindako lana eskertuz. 2015-2016 ikasturtean 6 eta 18 urte bitarteko 1.500 ikasletik gora parte hartu dute proiektu honetan, bizimodu jasangarriagoa lortzeko pausuak emanez.

Etiketak: