Batxilergo eta Lanbide Heziketako Praktika Onen jardunaldia
Apirilaren 10ean ospatu zen Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Praktika Onen VI. Jardunaldia Ikastolen Etxean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondorengo ikasketetan ikastoletan egiten ari garen berrikuntza pedagogikoak aurkeztu zituzten hainbat ikastolek, tartean gureak, Txantxiku Ikastolak. Aurtengo ikasturtean gure ikastolako irakasleek sortu eta gelaratutako bi erronka aurkeztu genituen bertan: "Hi-Dron" eta "Etorkinekin solasean".
Pasa den otsailean gelaratu genituen proiektu hauek. Lehendabizikoak zientzietako espezialitateko ikasleek garatutako dronen erabilpenaren inguruko proiektua izan zen eta bigarrena giza zientzietako ikasleek Larrañako harrera zentroarekin batera gauzatutako proiektua izan zen. Gure lana sozializatzeaz gain, beste ikastoletan egindakoa ezagutzeko aukera izan genuen. Ikastolen artean elkar eraginez eta elkar elikatuz hezkuntza eraldatzen jarraituko dugu!