Gurasoen Kontseilua: aurten bi lantalde berri
Aurten, Gurasoen Kontseiluko ekitaldien lantaldea desagertu egin da, eta guraso gehiagoren parte-hartzea bultzatzeko, ohiko EA 2030 eta Euskara lantaldeez gain beste bi lantalde sortu dira. Gurasoei galdetu genizuen zein gai landu nahiko zenuketen, eta jasotako erantzun guztien artean errepikatuenak hartuta ondoko bi lantaldeak sortu dira:
- BIZIKIDETZA ETA BERDINTASUN LANTALDEA
Txantxiku Ikastolan bizikidetza eta berdintasun arloan zein egoeratan gauden hitz egin da taldean, eta arlo horien etapa desberdinetan eramaten diren ekimenen zerrenda egin da. Ekimen posible berriak aipatu dira, ideia gisa. Elkarbizitza Irizpideen dokumentuari buruz ere hausnartu da, eta datorren ikasturtean berau berrikusteko prozesuan parte hartzeko borondatea azaldu da. Albiste buletinean, Gure Kuttunak atalerako, gaiarekin zerikusia duten liburu eta filmak proposatu dira.
- TEKNOLOGIA BERRIEN LANTALDEA
Helburuak ondorengoak izan dira: Ikastolan teknologia berrien inguruan egiten diren ekintzak identifikatzea, gurasoen kezkak jasotzea eta horien inguruan hausnartzea, informazio interesgarria identifikatzea… Bertan aritu garenak bolondres aritu gara eta helburua datorren ikasturtean lantalde honek jarraitzea da. Ondo legoke hilean behin interesgarria izan daitekeen informazioa albiste buletinean partekatzea. Bertan parte hartzeko gogoa izanez gero aukera izango duzue. Ea datorren ikasturtean indarrez heltzen diogun erronkari eta lan polit bat egiteko aukera dugun denon artean.
Bestalde, EA 2030 eta Euskara lantaldeetan ere gogor lan egin da. EA 2030 lantaldeak ikastola osoko zein pertsona bakoitzaren CO2 aztarna kalkulatu dute; eta jabetu gara 2021etik 2023ra datuak hobetzen goazela. Euskara lantaldearen eskutik, aldiz, ‘Nola eragin gure seme-alaben hizkuntza ohituretan?’ tailerra antolatu zen. Parte-hartze ariketen bidez bertaratutakoen iritziak eta kezkak ezagutu ziren eta ondoren UEMAko teknikariak zenbait aholku eskaini zituen. Eta tailer horretan jasotako helbide interesgarrien berri albiste buletinean aditzera eman zen.
Eskerrik asko Gurasoen Kontseiluan parte hartu duzuen gurasoei!