Gaba baltza
Gau Beltza ospatzearen arrazoia... Garai batean, Euskal Herrian, urriaren 31n, neguari ongietorria emateko eta aldi berean hildakoak gogoan izateko, Gau Beltza, Arimen Gaua, Gaba Beltza eta bestelako izenez ezagutzen den ospakizuna egin ohi zuten. Erremolatxa, patata, kalabazak eta abar hustu, eta barruan kandela bat jartzen zuten, sua, haizetik edo euritik babesteko. Kandela honen funtzioa arimei etxerako bidea argitzea zen, gaueko iluntasunean ikus zezaten.
Kristautasuna iristearekin batera, zenbait gauza aldatzen joan ziren. Umeak mozorrotzen hasi ziren, aurpegiak trapu zaharrekin estaliz. Modu honetan, eliztarrei 8etako mezaren irteeran beldurra emanez jolas modua aurkitu zuten. Hau guztia, mozorro horien azpian bere etxera itzultzeko bidearen bila zegoen arima bat zegoela sinestarazteko nahiarekin egiten zuten. Denbora aurrera joan ahala, eta elektrizitatea iristearekin batera, txikienek jolas hauekiko interesa galdu zuten, honek, jatorriz paganoa zen ospakizun hau ia guztiz desagertzea ekarri zuen.
Gaur egun, askok Gau Beltza Halloween-ekin erkatzen dute biek batera dituzten elementu ugariengatik (kalabazak, haurrak, eskean ibiltzea, kandelak). Egia esan, bi ospakizunen esanahia ez dator zeharo bat. Halloween-en, espirituak uxatzeko mozorrotzen dira, Gau Beltzan, berriz, erakartzeko. Gau magiko honetan, arimek ondorengo bizitzatik bereizten gaituen muga zeharkatuz bizidunekin elkartu ahal izango dira. Hori ahalbideratzeko, kaleak kandelekin argitu eta pareko izateko, bizidunak hildakoz mozorrotuko dira. Hartara, hildakoek bizidunak ikusi ahalko dituzte eta bizidunek hildakoak sentitu. Joan direnak ohoratuz eta gure garaira egokituz, zergatik ez dugu Gau Beltzaren ospakizuna berreskuratzen?
Urriaren 31n ikastolan Gaba Baltzaren ospakizuna berreskuratuko dugu. Eguen arratsaldean, ekintza desberdinak burutuko ditugu Lehen Hezkuntzan. Lehengo ohiturak jarraituz etxeko arropekin osatuko dugu mozorroa. Azpian dituzuen irudietan ikus ditzakezue eredu batzuk. Aurpegia estaltzeko, etxetik, izara edo trapu zuri edo argi bat ekarri beharko dute eta hau gelan apainduko dugu. Haur Hezkuntzan ere istorio txikien bitartez landuko da gaia.