LEKAIXOKA! Aurkezpena
Oñatiko Zubikoa kiroldegia txiki gelditu zen pasa den azaroaren 11n ospatu zen Kilometroak 2017 jaiaren aurkezpen ekitaldian. Eguraldi iragarpenek aurkezpen ekitaldia kiroldegian egitera behartu gintuzten. Eguraldia lagun izan ez bagenuen ere, Zubikoako kantxan aparteko giroa bizi izan zen; emozio eta sorpresaz beteriko emanaldia.
Txantxiku Ikastolaren 50 urteotako ibilbidea irudikatzen zuen antzezlanarekin eman zitzaion hasiera ekitaldiari. Ikasle, ikasle ohi, guraso, … guztiak elkarrekin eguneroko zereginak alde batera utzi eta antzezle bihurtu ziren arratsalde batez Txantxiku Ikastolaren historia kontatuz. Horren ondoren iritsi ziren ekitaldiko unerik “martxosoenak”. Adin desberdinetako ikasleek, hainbat guraso eta irakasleekin batera “Amets bat” kantuaren erritmoan koreografia ederra eskaini zuten, orain 50 urte amets bat izan zena errealitate bihurtu dela irudikatuz. Oñatiko kultur taldeek ere parte hartu zuten ekitaldian: Ganbara Abesbatzaren doinuekin batera Oñatz dantza taldeko dantzariak aritu ziren taulagainean eta Jose de Azpiazu Musika Eskolako partaideen doinu alaiekin ume, gazte eta heldu, Kilometroak 2017ko arropa jantzita atera ziren oholtza gainean.
Alde instituzionalak ere izan zuen tokia ostiraleko aurkezpenean. Txantxiku Ikastolako lehendakaria, Aitor Guridi, Oñatiko alkatea, Mikel Biain, eta Txantxiku Ikastolako zuzendariak, Zigor Ibarzabalek hartu zuten hitza eta ondoren erakutsi zen hurrengo Kilometroetako logo eta leloa: LEKAIXOKA!.
Lekaixo hitzak oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan nahi du. Aspaldiko euskaldunek erabiltzen zuten abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko eta urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko. Hitz honen oinarrian AUZOLANA dago. Ikastolak auzolanetik sortu eta sortzen gara eta auzolana ere Kilometroak jaiaren oinarria denez, hortik tiraka etorri zen aurtengo leloa.