Beskoitzeko ikastolarekiko elkartasun ekintzak
2013an sortu zen Beskoitzeko ikastola, Lapurdiko ipar-ekialdean, lau ikaslerekin etxe partikular batean klaseak emanaz. Ilusio handiarekin hasi zen proiektua. Ikusi besterik ez dago, gaur egun ikastola honek berrgeita bost ikasle baititu. Bizi duten egoera, hala ere, ez da ona, euskaraz ikasteak ez baitu laguntza askorik gobernu aldetik.
Hala ere, bertakoek ez dute etsi nahi eta lursail berri bat lortzea dute helburu, gaur egungo eraikin prefabrikatuek dituzten gabeziei aurre egiteko. Horretarako baina, ez dute behar beste baliabide ekonomiko, eta hainbat proiektu jarri dituzte martxan beraien ilusioak errealitate bihurtzeko.
Beskoitzeko ikastolako ordezkariak, pasa den urrian gurekin jarri ziren harremanetan Oñatirekiko hurbiltasun berezia sentitzen dutelako. Izan ere, Txantxiku ikastolakook Iparraldeko ikastolen aldeko ekimenetan parte hartu izan dugu eta Laixan elkartetik ere laguntza jaso zuten Seaskakoek.
Gauzak honela, otsailaren 2an eta 7an, Beskoitzeko ikastolaren aldeko kontzertua eta elkartasun krosa antolatuko ditu Txantxiku Ikastolak. Adi egon! Datozen egunotan ekintza guzti hauen berri zabaltzen joango gara eta!