Hezkuntza Sailak Salbatore Mitxelena ikastola bidegabeki zigortu du 140.000 euroko isuna ezarriz

Ikastolen Elkarteak salatu nahi du Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolari Hezkuntza Sailak bidegabe ezarritako 140.000 euroko isuna. Hau ez da ikastola bati soilik eragiten dion erabakia, baizik eta euskal hezkuntza mugimendu osoa kolokan jartzen duena.

Matrikulazio prozesua, 2023tik hona. Ikuskapenak eta bidegabekeria

2023ko matrikulazio prozesuan, Hezkuntza Sailak Salbatore Mitxelena Ikastolan, ageriko arrazoirik gabe, 2 lerrotara mugatu zuen matrikulazioa, ordura arteko plangintzetan 3 lerro esleituta zituenean. Ageriko arrazoirik gabe diogu, herrian aurreko ikasturtean baino 20 ume gehiago zeudelako matrikula egiteko adinean. Ondorioz, ikastolara joan nahi zuten zortzi familia plazarik gabe geratu ziren.

Egoeraren aurrean, Salbatore Mitxelena Ikastolako komunitateak (544 familia), Ikastolen Elkartearen babesarekin, familia horiek onartzea erabaki zuen, bere proiektuarekin bat egiten zuten guztiak hartuko zituela berretsiz. Erabaki horrek, orain, 140.000 euroko isun bidegabea ekarri du.

Gainera, Zarauzko ikastolako komunitatea jazarria sentitu da Hezkuntza Sailetik egindako ikuskapenetan. ‘Adiskidetze bilerak’ deitu ditu Hezkuntza Sailak, baina ez dute elkarrizketa borondaterik izan, are gehiago, zigortze prozedura horren parte baino ez dira izan.

Zer salatzen dugu:

  • Zigortze prozedura hau boterekeriaz garatu duela Hezkuntza Sailak.
  • Ustezko “adiskidetze” horretara iristeko ezarri zaizkigun “bilerek” ez zutela ezer adiskidetzetik.
  • Sinatu duguna ez dela akordio bat izan. Ume horiei, beraien familiei eta ikastolari berari kalte larriagoak ekiditeko ez baitzegoen hura sinatu beste aukerarik.
  • Ezarri zaigun 140.000€-ko isuna bidegabea dela, ikastolak prozesu honetan ez baitu inolako diru-iruzurrik egin, inongo momentutan ez dugu ez-zegokigun diru publikorik jaso.

Etorkizuna eta gure konpromisoa

Salbatore Mitxelena Ikastolak isunari aurre egiteko diru-bilketa ekintza desberdinak jarriko ditu

martxan. Horietako bat diru-ekarpen boluntarioak egitea izango da eta, horretarako, ondorengo kontu-korrontea zabaldu dugu:

ES73 2095 5212 1091 2486 7983

Baina argi utzi nahi dugu arazoa sakonagoa dela: Hezkuntza Sailak planifikazio diskriminatzailea egiten du, eta horrek euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna ahultzen du.