Gau eta Egun, EUSKAHALDUN!

“Tipi-tapa, tipi-tapa….KORRIKA!” entzun eta bat-batean Udanan bera zetorren jende andana goizeko lehen orduko begirada lausoak argitzen hasi zen.  Aurpegietan irribarre ugari eta zenbaitek begietako distira ohikoa baino distiratsuagoa.  Ez, ordea,  eguraldi bustiaren ondorioz,  emozioz eta pozez gainezka zetorkigun olatu hura ikustearen zirraragatik baizik. Eta,orduan, iritsi zen geure txanda,  pozez,  urduri eta harrotasun puntu xume batekin lekukoa geureganatu genuen. Kilometro betean, geure hizkuntzaren babesle sutsu, EUSKARA bera eusten genuelakoan heldu genion lekukoari tinko, irmo, sendo; inork tira egin arren eskuetatik lapurtuko ez zigun segurantzarekin; ez lekukoa, hizkuntza bera baizik.

Eta “Iro, iro, iro… ASTIRO!” haur txiki, gazte, nerabe, heldu edota ume, guraso eta aitona- amona denontzat egokia zen martxan joan ginen eskuz- esku lekukoa txandatuz, harik eta bigarrenez Txantxiku Ikastolak lekukoa hartu zuen arte. Plazatik aurrera beste kilometro bete. Lehen, irakasleak eta oraingoan, ikasleak geure hizkuntzaren sostengu. Eta horrela utzi genion Euskarari bere bidean aurrera egiten.  Egin zezala hegan libreki eta lasai!

Baina bere horretan geratzeak ez zigun atsegin handirik sortu eta geu ere “Gau eta egun… euskaldun!”,  gaueko txanda amaituta,  egunekoari ekin genion.  Gauez lozorroan egondakoek ere behar zuten aukera bat. Eta horrela korrika eta korrika, egun osoa korrika pasa genuen. Goizean 1 eta 2 urteko ikasleekin jolastokian atxintxikaldi batzuk egin genituen. Eta eguraldiak lagundu ez zigunez, 3, 4 eta 5 urtekoek arratsaldean izan zuten horretarako aukera. Lekukoa gelaz- gela txandatuz hauek ere hizkuntzaren babesle. Lehen hezkuntzakoak, berriz,  kalera irten ziren.  Eguraldi txar edo on; hauek gelditzerik ezta!  Egun horretan izan ginen eta gainontzeko 365 egunetan ere izango gara Euskararen lekuko. Eta nola ez, Euskara gure lekuko. Baina egunero gogoratzeko, eta iraganean ahaztua gera ez dadin hona hemen egun horretako zenbait ebidentzi, zeuek ere izan zaitezten igarotakoaren lekuko!

ARGAZKI OROKORRAK

 

HH-koen KORRIKA

 

LH-koen KORRIKA TXIKIA

Etiketak: