Baratze Urbano Ttipia
"Jaten duguna garela" aspaldiko kontua da. Baina, ba al dakigu zer jaten dugun? Nondik ote datoz etxean, ikastolan... mahai gainean prest izaten ditugun barazki goxoak? Eta hortik ideia...
Baratze ttipi-ttipia Ikastolan izatea nahi genuen. Geure txikienen jakin-min asegaitza! Natura beraiengana gerturatuz, naturatik ikasiz. Eta landatzeko ontzia behar. Orduan... Non landatu? Nola landatu? Guztiok ikusteko bezalakoa izan zedin, Josebak egin zizkigun egurrezko landaketa mahaiak: hirurak itxura dotorekoak. Eskerrik asko Joseba!
Eta ondoren, heldu zen geure lana: 3, 4 eta 5 urteko ikasleen jarduna, lan txukuna benetan: patata, letxuga, tomate, kalabazina... barazkietan errege-erregina. Marrubiak, udaberriko fruta erakargarriak. Eta erromeroa, eta perrexila... janari ongarriak. Mila esker Itxaso eta Urbieta baserriko familiari! Zuek emandako letxuga eta tomateak ederto zainduko ditugu!
Orain, ura bota, goxo-goxo zaindu eta landare bakoitzak zer ematen digun ikustea besterik ez zaigu geratzen.