Fair Saturday Eguna Azaroaren 28an

Azaroaren 28an, Txantxiku eta Arizmendi ikastolek arte eta kultur jarduerekin osatuko den ekitaldia antolatuko dute, Fair Saturday Egunaren bueltan. Fair Saturday Eguna artearen eta kulturaren bidez mundua aldatzeko nazioarteko eguna da, eta Euskal Herrian ere badu bere isla, izan ere, iaz hasi ziren ekitaldiak eta ekintzak antolatzen egun hori ospatzeko. Bilbon dago Euskal Herriko egoitza. Abiatu denetik azaroaren azken larunbatean ospatu izan da eta ekitaldietatik ateratzen den dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde batentzat izan ohi da. Gure kasuan, Mundukide Fundazioarentzat izango da egun horretan jasotzen den dirua. Garapen bidean dauden herrialdeetan garapen endogenoa sustatu nahian dabil Mundukide azken hamabost urteetan eta baita gure gizartean eraldaketa bultzatzen interkooperazio ereduetan oinarrituz. Bailarako erakundea izanik, eurentzat bideratzea erabaki dute bi ikastolek.

Arizmendi Ikastolak Kulturaten (Arrasaten) egingo du bere ekitaldia arratsaldez eta Txantxiku Ikastolak herriko plazan. Ikastolako abesbatzek, bertsolariek, txistulariek hartuko dute parte, besteak beste.

Azken bi urteotan bailarako ikastolek hainbat ekintza egin dituzte batera eta elkarlanean. Aurreko ikasturtean, Ziburuko ikastolari laguntzeko kros solidarioa antolatu zuten, eta aurtengoa honako hau izango da.

Etiketak: