Arozenatarren kontzertua

Udazken Kulturaleko egitarauaren barruan dagoen Arozenatarren kontzertua ostiralean, azaroaren 27an, 19:30ean ospatuko da Santa Ana antzokian. Txistua, gitarra klasikoa eta perkusioa uztartuko dituen kontzertua dibertigarria eskainiko dute Aitor, Urko eta Xanet Arozena anaiek. Aitor (txistua) Donostiako Udal Txistulari Bandako kidea da, Urko (perkusioa) Musikeneko irakaslea eta Xanetek (gitarra) beste talde eta musikari batzuekin batera jarduten du. Oiartzungo txistularien familia baten laugarren belaunaldia dira eta, beraien prestakuntza musikal zabalari esker, estilo desberdinak jorratzen dituen emanaldia eskainiko dute: kanta herrikoi ezagunak edota Europe talde suediarraren doinuak entzun ahal izango dira. Sarrerak ikastolako idazkaritzan eta egunean bertan Santa Ana antzokian eskuratu ahal izango dituzue 3€ren truke.