Ameriketara Joan Nintzen
“Ameriketara joan nintzen” gaia lantzen hasi ginenean, 4. mailako ikasleoi bururatu zitzaigun proiektu gisa familiei zuzendutako ikuskizuna prestatzea. Unitatean zehar ikasitakoa gurasoei erakusteko era aproposa zela pentsatu genuen. Esan eta egin, horretan ere oso trebeak baikara! Gelak apaintzeko, plastikan sortutako amets-atzemaileak, totemak, mapak… erabiltzea erabaki genuen.
Azkenean, amestutako eguna ailegatu da. Martitzena da, eta gelak senitartekoz lepo beteta daudela, han agertu dira, besteak beste, lautada handietako indioak, basamortuko biztanleak, inuitak, aztekak, maiak, inkak, Cristobal Colon… Atsegingarriagoa egiteko, kantak eta kondairak ere tartekatu ditugu.
Ez dakizue ondo zelako txalo zaparrada jaso dugun! Zein harro dauden gurasoak guk egindako saiakera eta lana ikusita! Hurrengoan ere eurekin gogoratzeko eta berriro gonbidatzeko eskatu digute.
Urduritasuna albo batera utzita, asko ikasi eta disfrutatu dugu eta, une batez, benetako “AMERINDIARRAK” garela ere pentsatu dugu.