Martxoaren 2an, goizean, 4. mailako ikasleak Urkuluko araztegira joan ginen bisitan. Gure etxeetara ura iritsi aurretik, berarekin egiten dena ikusita txundituta gelditu ginen. Ez genekien ura edangarri bihurtzeko horrelako prozesu luzea jarraitu behar zenik! Bisitaldian, lehenik eta behin, kontrol gela ezagutu genuen. Han zeuden paneletan hainbat datu agertzen ziren: urtegiko litro kopurua, segundoko garbitutako ur kopurua, Debagoienako herrien biltegiak … Jarraian, kanpora irten, eta paneletan ikusitakoa zuzenean behatzeko aukera izan genuen.