Kilometroak 2017. Lekukoa gure esku!

Urriaren 2a egun berezia izan zen Txantxiku Ikastolako ordezkariontzat eta baita Aranzadi Ikastolako hezkuntza komunitatearentzat. Gure ikastolako ordezkariak Bergarara gerturatu ginen Kilometroak jaian parte hartzera.

Goizeko 9:00etan genuen hitzordua; kafea hartu eta irekiera ekitaldian entzule bezala izan ginen. Arduradun ezberdinen hitzaldiaren ostean zabaldu zen ibilbiderako atea. Giro freskoa egiten zuen baina ateri izan zen ibilbide osoan. Ibilbidea osatu ondoren, Aranzadi Ikastolara itzuli ginen eta omenaldi ekitaldia etorri zen atzetik. Bergarako hainbat eragile omendu ziren bertan; urte zail eta gogorretan erakunde ezberdinak sortzen eta Bergara biziberritzen lan egin zuten asko omendu nahi izan zituzten.

Hauen hitzen ostean, oñatiarron txanda. Kilometroak jaia antolatzeko lekukoa Bergarako ikastolako ordezkarien eskutik, Gipuzkoako Lurralde batzarreko Lehendakariak jaso zuen, eta honek Txantxiku Ikastolako ordezkarioi pasa zigun. Emozioz beteriko momentua, urduritasuna eta ondo egindako lanaren pisua bizkarrean. Aitor Guridik, Txantxiku Ikastolako Lehendakariak, esker hitzak izan zituen, ohore handiz lekukoa jasotzen dugula eta hurrengo urteko ekitaldirako gonbitea egiteko aprobetxatu zuen, baita jaia aste bat lehenago egingo dugula gogoratzeko ere.

Horren ostean, Bergaran zegoen giro apartaz gozatzeko aukera izan genuen, leloak esaten duen modura, DEMASA izan zen.

Zorionak bergararrei eta ongi etorria lekukoari Txantxiku Ikastolara!