4 irakasle Bretainian AR REDADEGean parte hartzen
Bretainiako Ar Redadeg Euskal Herriko KORRIKAren pareko ekitaldia da, eta jai horrekin bretoieraren normalizazioa sustatu nahi da
Maiatzaren 24tik 31ra bi urtetik behin ospatzen den AR REDADEG ekitaldiaren 4. edizioa izan zen. Hilaren 24an Montroulezen hasi eta 31n Gronvelen bukatu zen lasterketa horrekin 1531 kilometroko ibilbidea osatu zen, eta horietan beste hainbat lagunek parte hartu zuten. Euskal Herriko KORRIKAren pareko atxintxikaldi horrekin, bretoieraren normalizazioa sustatu nahi da, eta bide batez, Diwan eskolak bultzatu. Horietako bi kilometro, 1504.ena eta 1505.ena, hain zuzen, Txantxiku ikastolatik bertara propio joan ziren 4 irakaslek osatu zituzten.
Txantxiku ikastolakook Karaezeko Lisé Diwan eskolakoekin trukeak garatzen ari gara azken urte hauetan, eta aukera hori baliatuta jai horretan parte hartu nahi izan genuen. Langileok egindako ekarpenekin bi kilometro erosteko adina diru eskuratu genuen, eta bertara joanda, Bretainiako lagunei gure laguntza eta babesa agertu nahi izan genien. Bi egun zoragarri igaro ditugu elkarrekin. Azpimarratu nahi dugu bretainiarrekin garatzen dugun elkartrukearen "alma mater" den Dora Vargasek eta bere senarrak eskaini ziguten harrera eta babesa. Trugarez!! Eskerrik asko!!
Ekitaldi honen gaineko informazio gehiago jasotzeko: http://www.arredadeg.org