Kondairaz Kondaira: Bailarako txokoak ezagutzen
Aranzadi, Txantxiku eta Arizmendi ikastolek Lehen Hezkuntzako 4.mailako ikasle eta familientzat “Kondairaz kondaira bailarako txokoak ezagutzen“ irteera egin zuten martxoaren 1ean. Meatz Erreka auzotik Salturri baserrira joan ziren lehenengo, eta hortik Udala auzora, bide zaharretik. Han hamarretakoa egin ondoren, Gipuzkoari itzulia egiten dion GR 121 senda hartuta, Galarrako karobira eta koba sarrerara joan ziren, Meatz Erreka elkartera bueltatuz.
Arizmendi Ikastolako irakasleak, Roman Martinezek, eman zituen irteeran zehar azalpenak eta bertaratutakoek oso gustura jaso zituzten hark kontatutakoak. Irteeraren asmoa zen bailarako ikastolen arteko harremana sustatzea eta, aldi berean, bailarako txokoak ezagutzea; gainera, ikasleek Txanelan lantzen dituzten gaien ezagutza aberasteko mendi irteera egokia da. Ikasturtean zehar beste bi antolatuko dira.