Alemanian Zehar
Ikasturte hasieran Berlinen izan ginen Batxilergo 2.mailako ikasleok. Hilaren 5ean ekin genion Alemaniako hiriburura eramango gintuen bidaiari; 5 egun eta bizipen zirraragarriak bermatuak zituen bidaiari, hain zuzen ere. Egonaldiak iraun zuen bitartean ekintza ezberdin asko egiteko aukera izan genuen: The East Side Gallery, hau da, margotutako Berlineko harresiaren zatia, Parlamentua eta Brandenburgoko atea geure begien bistan izan genituen; baita judutarren auzoan, bertako etxeek babestuta, aurkitzen diren dendaz jositako patioak ere. Bestalde, gure bidaia honetan esanguratsu bihurtu den beste gune bat Potsdamer plaza izan da. Lehenengo egunetan bi pertsonek gidatu gintuzten hirian zehar. Beraiek egin zuten gauza bakarra, ordea, ez zen gu gidatzea izan, bertako kontu eta istorio asko kontatu baitzizkiguten. Sachsenhauseneko kontzentrazio esparruan izan ginenean ere izan genuen zenbait istorio entzuteko aukera, istorio benetan gogor eta beldurgarriak. Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bidaia hau antolatzen lagundu diguten irakasle guztiei, aurtengo ikasbidaiko kamiseta zein sudaderak erosi dituzuenoi, eta nola ez, gurekin batera Berlinera etorri diren hiru irakasleei.
Egin klik irudiaren gainean argazki guztiak ikusteko.