lh 3.maila 18-19

3.mailakoak Orion giro bikainean

Maiatzaren 13, 14 eta 15ean Orioko Txurruka aterpetxean egon ginen. Astelehen goizean, Donostiako Aquariuma bisitatu eta bazkaltzera Urgull mendira igo ginen.  

Arratsaldean berriz, poz-pozik aterpetxerako bidea hartu eta ondorengo bi egunetan Orio herriko bazterrak eta hondartza bisitatu genituen.

Izandako eguraldi ezin hobeari esker hondartzan hankak bustitzeko aukera ere izan genuen!!!!! Asteazkenean, azkenik, Zarautz aldeko Iñurritza biotopoan barrena ibili ginen. PRIMERAKO EGUNAK PASATU DITUGU!!!!!!

3. mailakoak ekosistemak lantzen

“Buruargia? Bizkorra? Zein jakintsua den NATURA” gaia oinarri hartuta, apirilaren 29an eta maiatzaren 2an EKOSISTEMAK gaia landu genuen Natur Eskolako irakasleokin. Natur-Eltzian hainbat azalpen jaso ondoren, txosten interesgarria osatu genuen. Euskal Herriko hainbat ekosistema aztertzen gustura aritu ginen eta asko ikasi genuen!!!

Mila-mila esker Natur Eskolako Idoia, Imanol, Egoitz eta Aimar!

3. mailakoak gaztagintzaren inguruko sekretuak ezagutzen

Martxoaren 14an Joseba Baseta eta Aitzol Arregi ikastolara etorri zitzaizkigun eta artzainaren bizitzari buruzko hainbat azalpen eman zizkiguten.  

Saioa hasteko Aitzolek euren seme-alaba Ainhize eta Ekhiren laguntzarekin grabatutako bideoak ikusi genituen: ardiak nola jetzi, esnea non bildu, ingurua nola garbitu eta, azkenik, gazta nola egiten den ikusi genuen. Horren guztiaren ostean, Joseba artzainak gazta freskoa nola egiten den bertatik bertara erakutsi zigun.  

3. mailakoak maskaradak gertutik ezagutzen

Pasa den astean 3. mailako ikasleak Kultur Etxean egon ginen Jon Mikel Intsaustik MASKARADAri buruz prestatu duen erakusketa ikusten. Argazki ederrak ikusteaz gain, egilearen beraren azalpenak entzuteko aukera izan genuen. Jon Mikelek hainbat azalpen eman zizkigun Maskaradako pertsonaiez: Gorriak, Beltzak, Txerreroa, Gathuzaina, Kantiniersa, Zamaltzaina eta Entseinaria...  

Zorionak Jon Mikel egin duzun lan bikainagatik, eta eskerrik asko bene-benetan eskaini diguzun aukera apartagatik!

Euskararen Kriseilua martxan da gurean ere!

Dagoeneko hizkuntzaren sinboloa den garrak pizturik darrai Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako familia batzuen artean. Era berean, ekimenak irauten duen egunetan, Gurasoen Euskara Taldeak bultzatuta eta TTAK taldearen laguntzarekin, hiru maila horietako ikasle guztiek Kriseiluaren logoa duen txapa eramango dute. 

Ea ekimen honekin euskararen presentzia familia hauetan areagotzen den!

 

Robinson Crusoe

Robinson Crusoe surflari bikaina da eta 3. eta 4. mailako ikasleengana etorri da. Malibuko surf lehiaketa irabazi nahian ibili da Robinson, olatu erraldoi batek uharte bateraino eraman duen arte.

Gu bera laguntzen ibili gara! Uhartean lagun berriak egin ditugu, horien artean langosta eta uharte bertako bizilagunak. Baina, bizilagun hauek gizajaleak dira! Ihes egitea besterik ez zaigu gelditu! Olatu erraldoi bat zetorrela aprobetxatuz Malibuko surf lehiaketara iristea lortu dugu! Ez hori bakarrik... Lehiaketa irabazi dugu!

Euskararen Kriseiluaren aurkezpena

Urtarrilaren 22 arratsaldean, guraso talde batek Lehen Hezkuntzako 1.,  2. eta 3. mailako ikasleak bisitatu zituzten. Ikasleei Euskararen Kriseilua ekimenaren nondik norakoak azaldu zizkieten eta parte hartzera animatu zituzten.

Mila esker Edurne, Maider eta Miren!!! 

The wolf and the eight little kids

Gabonetako oporrak hartu baino egun batzuk lehenago, 3. mailako ikasleok “The Wolf and the eight Little kids” antzeztu genuen ingelesez. Ikasturte hasieran ezagutu genuen Peggy eta berak erakutsi zigun istorio polit hau.

Ingeleseko gelan istorio hau landu ostean, gurasoei erakutsi genien Gaztelekuan. Ederto pasa genuen eta entsegu askoren ondoren gustura geratu ginen egindako lanarekin!

ARGAZKIAK

 

Gure txoko kuttunetara bisita

Ikasturte hasiera honetan Txanelako GURE TXOKO KUTTUNA proiektua lantzen ari gara, eta testuinguru horretan, aste honetan, LHko 3. mailako ikasleok, turismo bulegoko Jaioneren gidaritzapean, Oñatiko hainbat bazter bisitatu ditugu. Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea, San Migel parrokia eta Bidaurretako monasterioa ikusi, eta herriko hainbat pertsonaia ospetsuren (Rodrigo Mercado de Zuazola, Juan Lopez de Lazarraga…) informazioa eskuratzeaz gain, armarriez, eguzki erlojuaz eta beste mila kontuez aritu zaigu Jaione.

RSS - lh 3.maila 18-19-era harpidetu