IXUTU proiektua. Haur Hezkuntzako egitasmo berria
Dakizuen moduan, 2016-2017 ikasturtean Haur Hezkuntzako etapan IXUTU proiektua abian jartzera goaz Txantxiku Ikastolan. Konfiantzaren Pedagogiaren hautua egin dugu eta gure ikastolako errealitatea aintzat hartuz, hainbat ekarpen egin dizkiogu. Irakasleek elkarlanean egindako hausnarketek ondorio batzuetara eraman gaituzte eta, horietan oinarrituta, antolamendu eta funtzionamenduaren inguruko hainbat erabaki hartu ditugu. Erabaki horiek korronte pedagogiko honekin bateratuz, IXUTU proiektua sortzeko urrats garrantzitsuak eman ditugu.
Proiektua edo egitasmo pedagogikoa berriztatzeak aldaketa sakonak ekarriko ditu gure egunerokotasunean, bai haurrarekin harremanetan jartzeko eran, baita bere ikasketa prozesua bideratzeko eran ere. Jakitun gara honek guztiak familiengan urduritasuna sor dezakeela, eta kezkak eta zalantzak argitzeko asmoz, aurkezpen ekitaldia egingo dugu Santa Ana Antzokian martxoaren 1ean. Arratsaldeko 18:00etan hasiko gara eta zuen parte hartzea espero dugu, hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiok elkarlanean sortuko dugulako ikastolako eredu pedagogiko berria.