lh 1.maila 17-18

1.mailakoak Urdaibaiko biosferan

Maiatzaren 21ean, Busturian kokatuta dagoen Urdaibai - Ekoetxera joan ginen. Bertako biodibertsitatea ezagutzeko, txoko desberdinetako pasaiak aztertu genituen: hondartza, padura, itsasoa, basoa eta zelaia. Parkean jolasteko tartea ere izan genuen, noski! Besteak beste, zuhaixkez egindako laberintoan sartu eta, oso trebeak garenez, irteera erraz topatzeko gai izan ginen! Egun ederra pasatu genuen!

ARGAZKIAK

1.mailakoak dentistarekin berbetan

Nola zaindu behar dugu ahoa? Haginak egunero garbitzea garrantzitsua da? Zenbat aldiz egunean? Zer dira esne-haginak? Zer da txantxarra? Galdera hauek eta gehiago erantzuteko, aproposa iruditu zitzaigun dentista bat gelara gonbidatzea eta Estherrekin gogoratu ginen.

1. mailakoak elikadura osasuntsuaren alde

Soroslea izateko praktikak egin ondoren, “Gorputza” gaia lantzen jarraitu dugu. Oraingo honetan elikadura osasuntsuari buruz aritu gara eta hainbat galderari erantzuteko, Amaia dietistari laguntza eskatu diogu. Beti bezala gure gonbitea berehala onartu du. Elikagaien gurpilaren laguntzaz, jakien sailkapena eta talde bakoitzeko elikagaiek gorputzari zein ekarpen egiten dioten era erraz batean azaldu eta erakutsi digu. Horrez gain, Ikastolara ondo gosalduta etortzea eta denetarik jatea oso garrantzitsua dela argi geratu zaigu. Mila-mila esker, Amaia!

1. eta 4.mailakoak sorosle

Lehenengo eta laugarren mailako ikasleak “Gorputza” gaia ikuspegi desberdinetatik lantzen ari gara. Gaiari buruz hainbat galdera sortu zitzaizkigun, besteak beste, zer egin dezakegu pertsona bat lurrean etzanda ikusten badugu? Nola lagundu? Galdera horiei erantzuteko, gurasoen artean ditugun mediku eta erizainekin harremanetan jarri eta eurak eskainitako laguntzari esker, gelan saio bana antolatzeko aukera izan genuen.

Lehen gizakiaren bizimodua

Lehenengo mailako ikasleok, “Lehen Gizakia” gaian sakontzeko asmoz, hiru jarduera desberdin eraman ditugu aurrera azken hilabetean: Natur Eskolara irteera egin genuen, Iñaki Idigoras gurekin izan zen ikastolan eta azkenik Arrikrutzera igo ginen. Oñatiko Natur Eskolara joan ginenean lehen gizakien bizimodua aztertu genuen: zer jaten zuten; nola janzten ziren; non bizi ziren… Bisitari amaiera emateko Lehen Gizakien gisa, haitzuloetan aurkitzen diren marrazkiak  imitatzen aritu ginen.

RSS - lh 1.maila 17-18-era harpidetu