Xaboi tailerra Ekoudalatxeko lagunekin
Pasa den eguenean, hilak 9, Ekoudalatxeko Idurre eta Nerea gure ikastolara etorri ziren, eta LH 4. mailako ikasleoi xaboia nola egiten den azaldu ziguten. Jarduera hori ikastolan jorratzen ari garen Ortua-Eskola egitasmoaren barruan txertatzen da.
Lehendabizi, xaboia glizerinarekin nola egiten den azaldu ziguten, eta urtutako glizerina horrek kolorea eta usaina izateko zer bota behar zaion erakutsi. Ondoren, beste mota bateko xaboi naturala nola egiten den ikusi genuen. Mota honetako xaboia egiteko prozesua zailxeagoa dela agertu ziguten. Izan ere, xaboi hori egiteko ekilore, oliba eta koko olioaz gain, argizaria eta sosa kaustikoa ere erabili zuten. Kolorea eta usaina emateko aloe-vera eta izpilikua bota zioten nahasketari. Dagozkion formulak aplikatuta nahasketa egin genuen, eta biharamunean, behin xaboia gogortuta zegoela, zatitu genuen. Gelan utzi genituen zati guztiak, eta hilabete barru etxera eramateko aukera izango dugu.
Dena dela, egun horretan bertan Nereak eta Idurrek izar forma zuen xaboitxo bat oparitu ziguten. Mila-mila esker, bikote, xaboi natural horiek nola egiten diren erakusteagatik.